2024/12/03

Uzturre: Egunkaria

Uzturre: Egunkaria


Tolosan kokatuta dagoen Uzturre mendiko Egunkaria bidearen krokis eta erreseina dituzue jarraian.

  • Zailtasuna: 6a+ 
  • Luzera: 60m
  • Luze kopurua: 2 (L1 6a+, L2 4)
  • Norantza: hegoaldea
  • Ekipamendua: paraboltak eta aniladun bilerak
  • Gerturatzea: errazena Izaskunen aparkatu eta Uzturreko gurutzera oinezko bide arruntetik igotzea da, track hau jarraituz. Uzturreko gurutzean hesia pasa ekialderantz eta gurutzearen hegoladean aurkituko dugu goiko bilgunea. Bilgune honetatik 2 rapel eginda hasiko dugu bidea.
    • Behetik gerturatzeko aukera ere badago, baina bidea ez dago erraz pasatzeko moduan.
  • Jaitsiera: igo garen bide beretik jaitsiko gara. 
  • Eraman beharreko materiala: 15 zinta express eta rapelatzeko materiala.
  • Aparkalekua: Ibarrako Izaskun auzoan dugu gertuen dagoen aparkalekua.

Tolosaldeko eskalatzaileen artean oraindik ere oso errepikatua ez den Egunkaria bidea egin dugu joan den asteburu honetan. Bideak Tolosa goitik ikuste aukera ematen du, momentuoro bizkarrean izango dugularik.

 
Uzturre Egunkaria eskalada krokisa
Krokisa

Uzturre gurutzea eskalada kokapena


Azken irteera Riglos aldera egin ondoren, etxean jokatu dugu oraingoan. Mikelo, Xabi Martinez, Mikel Insausti eta laurok Tolosako Uzturre mendiko Egunkaria bidea eskalatzea erabaki dugu azkenean.

Kotxea Izaskuneko aparkalekuan utzi eta Uzturreko gurutzerainoko gerturatzea oinez egin dugu.


Izaskunetik Uzturrera eskalada
Izaskunetik Uzturrera

Igande goiza izanda, gurutzean ezagun asko topatu dugu eta eskalada hasterako taldeko argazkia ateratzeko aprobetxatu dugu. Eskerrik asko, Iosu!




Uzturre gurutzean eskalada
Uzturreko gurutzean

Egunkaria bidea egiteko bi luzeak rapelatu eta ondoren eskalatzea erabaki dugu. Beheko aldea sasiz josita egoten dela jakin dugu eta gurutzetik gertu dagoen R2 bilgunean hasi dugu jaitsiera. R2 honetara iristeko goiko irudian ikusten den hesia gainetik pasa behar dugu, eskuineko aldetik (Anoetari begira dagoen aldetik). Helburua Tolosari begira dagoen hesiaren azpiko aldera pasatzea izango da. Honetarako segituan ikusiko dugu bidezidorra eta paraboltez lotutako soka bat. Soka hau jarraituz aurkituko dugu R2 bilgunea.



R2 bilgunera bidean Uzturre eskalada
R2 bilgunera bidean

Bi bikote izanda, rapela montatzeko itxaron egin behar izan dugu Mikelo eta biok. Itxaroteko lekua erosoa da eta bertan dagoen soka finkora lotzeko aukera dago.


Uzturre Egunkaria R2 rapel
Mikel Insausti eta Xabi Martinez
 R2tik rapelatzeko prestatzen

Xabier Martinez eskalada Uzturre Egunkaria
Xabi rapelatzen hasi aurretik, Tolosa atzean duela


Itxaronaldian, Anoeta, Tolosa, Hernio edo Txindokiri begira egoteko aukera izan dugu.


Uzturre eskalada R2
Mikelo eta biok R2 bilgunean lotu aurretik

Anoeta Uzturretik
Anoeta, Uzturretik

Gure txanda iritsi bezala, lehen rapela montatzen hasi gara. Bilgunean eroso egoteko aukera dagoen arren, sasiak inguratzeko joera du. Gutxi errepikatzen diren bide hauetan (ea baita besteetan ere) mantenua egitea denon ardura dela uste dut eta itxaroten aritu garen bitartean inguruak txukuntzen aritu gara.

Uzturre eskalada rapel R2
Mikelo R2 bilguneko rapela montatzen

Argazkilariak soberan izan ditugu gaurkoan eta hemen rapeleko argazki bat guruzera iristeko bidetik aterata.


Uzturre eskalada Egunkaria rapela
R1 bilgunetik behera rapelatzen

R1 bilgunea erlaitz batean kokatuta dago eta oso erosoa da. Bigarren rapela egin eta bidearen hasierara iritsi gara.

R0 bilgunea ere sasiak hartzen hasita zegoen, baina nahiko egoera txukunean uzteko aukera izan dugu. Bilgune hau ez da aurrekoak bezain erosoa, baina paraboltez lotutako soka bat eta aniladun bilgune bat ditu lotzeko.




Ander Lorente Egunkaria Uzturre eskalada
Ni lehen luzearen hasieran

Beheko luzea eskalatzen hasterako serio jarri behar izan dugu. Sarrerako momentan hasita eskalatu egin behar da eta despisterako aukera gutxi uzten du bideak. Luzearen erdiaren inguruan ezkerraldera zeharkaldi txiki bat egin beharko dugu, bidearen zati zailenari aurre egiteko.

Hasieran harriak ez digu konfiantza handirik eman, baina segituan konturatu gara kalitate onekoa dela eta bidea behar bezala garbituta dagoela.

Bide osoa oso ondo babestuta dagoela iruditu zaigu eta ekipatzaileak zoriondu nahi ditugu egindako lan bikainagatik!


Uzturre Egunkaria bidea Ander Lorente bukatzen
Bigarren luzea amaitzen

Bigarren luzeko eskalada asko errazten da eta oso motza egin zaigu. Berriz ere gurutzera itzuli gara eta bertan egin dugu material guztiaren txukunketa.


Itzulerako bidean egindako eskalada komentatzen genuen artean, Izaskun Jatetxeko hain famatuak diren kroketekin amestu dugu. Ordutegiz kanpo iritsi garen arren sukaldariak salbuespen txiki bat egin eta ondo merezitako saria ekarri digu. Mila esker berari ere!


Izaskun Jatetxea
Izaskun Jatetxeko terraza



3 iruzkin:

  1. Sarrera bikaina! ia bidea bezain ona! ;)

    ErantzunEzabatu
  2. Izaskungo kroketan propaganda piskat, ta eandako garagardon inguruko hausnarketa bat in zak!! Jaja! Saio politte!

    ErantzunEzabatu
  3. Zorionak Laukote!!! Laburpen politta! 💪💪🔝

    ErantzunEzabatu